MZT Kongresuko 2018ko edizioaren
lexiko terminologikoa materialen zientzia eta teknologiaren arloko
adituek eta UZEI Terminologia eta
Lexikografia Zentroko terminologia-profesionalek lankidetzan
landutako glosario terminologiko elebidun bat da, terminoak
euskaraz eta ingelesez ematen dituena.
Guztira 1.379 sarrera ditu,
eta oraingoz definiziorik ez ematea erabaki den arren, sarrera
bakoitzak testuingurua izeneko eremu bat du. Bertan kasuan
kasuko terminoa erabiltzen den MZT Kongresuaren 2018ko edizioko
adibide bat erakusten da. Terminoa testuinguruan ikusteko aukera
izatea baliagarria da kontzeptua eta terminoaren erabilera argitzeko.
Lexikoko sarrerak jakintza-arloen
arabera sailkatuak daude.
Gehiago Irakurri
Sailkapen horri eremu-zuhaitz esaten
zaio, eta kasu honetan kongresuan erabilitako gai-sailkapenari berari
egokitu zaio:
Materialen prozesaketa
Karakterizazio-teknikak
Materialen propietateak
Aplikazio eta erabilera
industrialak
Materialak eta ingurumena
Simulazioa eta modelizazioa
Lantaldea
Hona hemen proiektu honetan
UZEIrekin lankidetzan aritu diren 7 zentroen eta bertako 11 adituen
izenak:
CEIT: Amaia Iza eta Jose Mari
Rodriguez Ibabe.
Leartiker: Rikardo Hernandez.
Mondragon Unibertsitatea, Goi
Eskola Politeknikoa: Idoia Urrutibeaskoa.
Tecnalia: Pedro Egizabal eta
Maider Garcia De Cortazar.
Euskal Herriko Unibertsitatea -
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola (Donostia): Faustino Mujika.
Euskal Herriko Unibertsitatea –
Polymat: Antxon Santamaria.
Euskal Herriko Unibertsitatea –
Zientzia eta Teknologia Fakultatea: J.M. Campillo-Robles, Fernando
Plazaola eta Nestor Etxebarria.
Nola kontsultatu?
Lexikoa kontsultagai dago
kontsulta-aplikazioan
eta Euskaltermen.
Euskaltermen kontsultatu ahal izatea
oso interesgarria da, lexiko honetan jasota egon ez arren MZT
kongresuak lantzen dituen ezagutza-esparruetakoak diren oinarrizko
termino normalizatuak Euskaltermen kontsulta baitaitezke. Gainera,
Euskaltermen kontsultagai egoteak irisgarritasun erraz eta zuzena
bermatzen dio lexikoari eta, ondorioz, hura erraz gizarteratzeko
modua ematen du.
Zein ekarpen egiten
die lexikoak adituei?
Lexikoa
koherentea eta zuzena denez, adituen premiari erantzuten dio, eta
haiek oinarri gisa erabili ahal izango dute beren ekoizpen errealean,
denbora eta buruhausteak aurreztuz.
Era
berean, baliabide hau eskuragarri izatea baliagarria izango da orain
arteko ekoizpena orrazteko. Horrela, terminologiaren konbergentzia
eta, ondorioz, normalizazioa hobeto bermatuko da.
Hurrengo urratsak
Bai kontsulta-aplikazioko, bai
Euskaltermeko informazioa eguneratuz joango da eta, beraz, proposamen
terminologikoa eguneratuta mantenduko da.
Bestalde, proiektuaren ondorengo
helburua 2018ko argitalpeneko lexiko-muin hau abiapuntu gisa hartuta
hurrengo edizioetan sortuko diren edukietatik termino berriak lantzea
eta lexikoari gehitzea da. Honela, baliabidea gero eta osatuagoa,
sendoagoa eta baliagarriagoa izango da.
Harremanetarako
Lan honi buruzko argibide gehiago
nahi izanez gero, mesedez idatzi posta elektronikoko helbide
honetara: barrate[abildua]uzei.eus.